XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

3.3.- Herri bateko garelako sentimendua, bere identitate-ezaugarriekiko atxekimendua, ezaugarriok mantendu eta garatzeko borondatea eta nazio-elkarte garenez etorkizuna lantzekoa, askori bizipen guztiz sakon eta sustraitu bezala agertu zaizkio banako askatasunaren sentimenduari modu askaezinean lotuta.

Eta banako askatasuna horrenbeste defendatzen dutenek eta duela guttira arte diktadura komunisten menpean egondako herrietan askatasun-mota hori lortzeari horren balio handia ematen diotenek ezingo dute erraz defendatu ez dela zaindu eta sustatu beharreko balioa beren etorkizuna herri bezala erabakitzeko askatasunaren erabilpen kolektiboa.

3.4.- Hona hemen, Europako erdialde eta ekialdeko herrietan azken urteetan bizitako prozesuen ondorio eta egiaztapen batzu:

3.4.1.- Ez du justifikazio juridiko ez politikorik autodeterminazio-eskubidea 60ko hamarkadako deskoloniakuntza-prozesuetan sartuta dauden Europatik kanpoko nazioetara mugatzeak gure inguruko herrietako estaturik gabeko nazioak baztertuz.

3.4.2.- Estatuarteko mugak ez dira mugaketa aldaezinak, ez era absolutu eta behinbetirako kontsagratuak.

Europa jabetuz doa -eta gehiago orain batasunaren orduan- mugako zedarriek konbentzionalik asko eta hautagarririk ez gutti dutela eta inoiz Euskal Herriko kasuan bezala kultur eta gizarte identitate bat bortxaz zatitu dutela.

3.4.3.- Europako estatu-egitura anitznazionaletan politika-sistema erdiratu eta izaera uniformistakoak errakuntza nabarmena izan dira.

3.4.4.- Nazio errealitatearen adierazpen politikoa eragozteko bidetzat indarrera jotzeak eta estatuaren batasun eta osotasunaren azken berme-papera armadari emateak Espainiako Konstituzioan, adibidez, egiten dena, galdu dute legitimotasuna eta topo egiten dute oinarrizko printzipio demokratikoekin.

3.4.5.- Estaturik gabeko nazioen arazoak konponbide egokia aurkitu behar du, baldintza arrazonagarrietan eskatzen duen edozein talde nazionali autodeterminazio eskubidearen egitaritza ahalbidetuko dioten mekanismo demokratiko erabilgarri eta baliozkoen bidez.

3.4.6.- Europako esparruan eta, gehiago oraindik elkartekoan autodeterminazio-eskubidearen egikaritzara iristeko bide bezala burruka armatua erabiltzea politikoki okerra eta bideraezina agertzen da.

3.5.- Bestalde batasun politikoaren prespektiban hedatze- prozesuan dagoena gainera bere subiranotasuna egituratu duten elementuak hala nola moneta defentsa edo kanpo harremanak estatuzgaindiko instantziei transferitzen ari dira mugen birtualtasuna bitartean zirriborratzen doalarik.

3.6.- Hala ere, kokoloegia izatea litzateke pentsatzea elkarteko politika-batasuna indartzeak besterik gabe errealitate nazionalen aitzatespen-maila handiagoa ekarriko duela.

Gerta daiteke, gainera, ebatz-tegiak urrunagoko eremuetara transferitzeak mugimendu nazionalisten presio-ahalmena ahul dezakela.

3.7.- Guzti honengatik, bada, derrigorra dugu gure planteiamenduak egoera berrira egokitzea eta estatuzgaindiko estatu eta nazio esparruetan artikulazio politikoaren birgogartze teoriko eta praktikora jotzea.

Kontzepzio estatalista erdirakoi eta uniformista zaharkituek desagertzeari oraindik jarkiera jartzen dioten eszenategi berrian, Europako herriek geure kontinenteari honako hau emateko parada erreibindikatzen dugu: bera osatzen duten herrien errealitatea ezagutzen ez duen artikulazioa alegia.

Ildo honetan, errealitate nazional infraestatalek duten subjektu politikoaren izaera aintzatetsiko lukeen subsidiariotasun-printzipioaren aplikazio zabal batek lagun lezake eszenategi berrian errealitate hauen adierazpen politikoari bidea ematen.

4.- LAN-HARREMANETAKO MARKO PROPIOA

4.1.- Europako herriek bizi duten abagadune berri honetan ELA sindikatu-konfederakunde abertzalea denez eta Euskadiko langileek baitetsitako gehiengo ordezkaritzak ematen dion legitimotasunean babestuta gure herriko autogobernu osoa lortzeko burrukan dagokion erantzunkizun-kuota bere gain hartzeko borondatean birbaiezten da.

4.2.- Autogobernurako prozesu honetan eta bere edukinak itxuratu eta zuzkitzean, ELAk lehenengo mailan jartzen du Euskadi eraldatzean gizarte bidezko eta lagunkideagoan, aske eta demokratikoagoan, integratu, kohesionatu eta partehartzaileagoan.

Perspektiba honexetatik begiratuta hartzen du zentzua lan harremanetako marko propioa, helburu estrategiko bezala formulatzeak, baina ez bakarrik euskal sindikalismoaren baitan, langileak eta mugimendu sindikala nazio-eraikuntzako proiektuan sartzea nahi duen edozein formulazio abertzaleren baitan baino.

4.3.- Bestalde mundu sindikalak zerikusia du gure errealitatean etengabe presente dagoen nazio-gatazkarekin eta erakunde sindikal bakoitzak hartzen duen honi buruzko koka-esparru eta jokaera mota, funtsezko identifikazio-elementu bihurtzen da batez ere ematuz badoaz beste ezaugarri ideologiko eta partidista batzu.

5.- ESTATU-SINDIKALISMOAREN JARRERA

5.1.- Argi dago, beraz, sindikatu bat honako egoera batetan eremu bateko edo besteko -estatu edo nazioko- erakunde bezala egituratzeak adierazten dituen ideologi inplikazioez gain objetiboki ari dela hautatu duen eremua indartzen.

5.2.- Adierazgarria da lan harremanetako marko propioaren erreinbindikazioa nola jo den estatu-esparruko sindikalismotik, CEOE ugazaberiatik bezala, onartezintzat eta estatuko lan-markoaren batasun ukaezinaren kontrako.

Ideia hau, guztiz gogoan izan zuten lan-harremanen Espainiako sistema egituratu zenean eta estrategi helburuetariko bat bezala agertzen ari da berriro buruzagi sindikal entzutetsu batzuren ahoan behintzat, UGT eta CCOOen arteko ekintza-batasunaren berrindartze-prozesuaz aritzerakoan.

5.3.- Ez dago inolako dudarik estrategia hau praktikara eramaten ahalegintzen den neurrian, UGT eta CCOOrekin EAEn dugun gaurregungo ekintza-batasuna guztiz kolokan jarriko litzatekeela, nahiz eta espero daitekeen guztioi interesatzen zaizkigun helburu aurrelarietarantza aitzintzeko euskal markoak eskaintzen dituen ahalbideen balioespen positiboa egitez nagusituko zaiola erdirapen-estrategiari.

6.- LAN HARREMANETAKO MARKO PROPIOAREN EGITURAKETA

6.1.- Euskadirako lan harremanetako marko propio baten alde burrukatzeko gure asmoa birbaiezten zuen Ebazpena onartu genuen gure VII Kongresuan eta bertan azaldu genituen marko hau mugatzen zuten zio eta bereizgarriak.

6.2.- Gernikako autonomi estatutuak autogobernu-ahalbideak arras mugatzen dituen eskuduntza-hutsunea du lan-eremuan hain zuzen, EAEri ez diolako ointzatesten arau-eskuduntzarik alor honetan.